Musika

Joxemari Telleria Lezetak solfeoa ikasiz eman zituen musikari loturiko lehen urratsak. Julian Zunzunegi (†1952) eta Jaxinto Galartza (†1962)  izan zituen solfeo irakasle.

1960an txistua jotzen hasteko lehen bultzada, Jaxinto Galartzaren omenaldian Isidro Antsorena entzun zuenean sentitu zuen eta Felix Galdona apaizarekin hasi zen txistua jotzen ikasten.

Dena den pinturan bezala, txistuan ere, bere burua autodidaktatzat jotzen du Joxemarik.

Patxi Telleria Imaz (1913-1970), Joxemariren aita, organo jolea izan arren, Joxemari ez zen hasi organoa aitarekin jotzen. Antonio Azkuerekin Lazkaoko Beneditarretan hasi zen ikasten, eta ondoren organo txiki batekin etxean jarraitu zuen organoa jotzen.

Joxemari Telleria Lezeta txistulari moduan da ezaguna batez ere. 1963an jo zuen lehen aldiz txistua jende aurrean, Segurako Kriselu taldea gidatu du, hainbat alardetan parte hartu du…

Aizkorpe bailarako hainbat txistularien irakaslea izan da. Berrehunen bat ikasleri irakatsi die txistua jotzen.

1977an Euskal Herriko dantza txapelketan laguntzeko “Ixilkara” taldearen sorreran parte hartu zuen. Talde honekin disko bat atera zuen (“Ixilkara Txistulariak”: IZ.1979), hainbat kontzertu eta lehiaketetan parte hartu zuen…

Gaur egun Zeraingo Uharka abesbatzako zuzendaria da. Segurako abesbatzan ere parte hartzen du.